Aitor Sorreluz
Ez dut Koronabirusari buruz hitz egin nahi, ez eta pandemiari buruz, edo distantzia sozialari buruz, edo musukoei buruz... Filosofiaren nazioarteko egunaren bezperan idazten ditut lerro hauek. Polinio delako batek (Grezia, 200 K.a.) oklokrazia demokraziaren gainbehera zela esan zuen. Demokrazian erabakiak herriak hartzen ditu, oklokrazian aldiz, ezinikusiak eta ezjakintasunak gidatutako jende-osteak. Egun hauetan gure agintariek etika hezkuntza-sistematik kendu nahi dute, agian distantzia soziala areagotzeko eta horrela, elkarren arteko loturak ezabatzeko eta behin betirako alarma egoera sortzeko. Baina hasiera esana dut ez dudala honi buruz hitz egingo.
Gabonak bertan ditugu. 75 urte egingo dituen Arantzazuko takoari gelditzen zaizkion orri gutxiek hori adierazten dute behintzat. Aldizkariaren ale honen portadarako gauez hartutako Arantzazuko argazki bat nuen gogoan, iluntasunean argiztatutako jaiotza balitz moduan. Arantzazu egunsentiko argipean, iluntasunaren erdian argia. Ilunbista.
Gandiagarekin pasatako azken egunak kontatzen dituen liburuaren bigarren paragrafoan, Joxe Azurmendik zera idazten du: hil bezperatan Gandiagak enegarren aldiz Arantzazuko paisaia 'U' modukoa dela azaldu ziola, maitekiro harrera egiten duen altzo baten modura. Arantzazuko ahurrak kanpotik begiratzean (edo eta barrutik haien begiradari leku uzten diogunean) aktibatzen diren espazio harkorrak direla badakigu. Oteizari zor diogu hori. Orain dela urte bete Elena Martinek gogorarazten zigun bezala, arimarentzat eginiko gelak lirateke espazio horiek.
Ederra da ahur horietan eguzkia nola ateratzen den ikustea, haitzak argitzen ikustea, gero haitza-tarteak, dorrearen gurutzea ondoren, handik gutxira komentuko teilatuak... Arantzazuko 'U' formako bazter horietako batetik argiak dena estaltzen duela ikustea. Laster dira Gabonak, baita pandemia garaian ere, baita alarma-egoeran egonda ere. Laster da hemen zaurgarriak izateko eskubidea argituko duena. Itxaropenaren eta Berri Onaren garaia. Gabon Zorion!